
EHNE eta ENBA nekazal sindikatuko ordezkariok elkarrekin prentsaurrekoa egin dugu Donostiako Koldo Mitxelenan gaur goizean, pasa den ostiralean, hilaren 13an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen batzordean Aranzadik egindako agerraldia baloratzeko.
Sindikatuen ustez, Aranzadiren agerraldian datu okerrak, gezurrak eta oinarri zientifikorik gabeko iritziak, uste subjektiboak eta argumenturik gabeko balorazioak plazaratu ziren. Ondorioz, onartezina den alarmismoa piztu zuen, etengabe aurreikusi gabe edo onartu gabe dauden bideak eta trazatuak onartuta baleude bezala aipatuz. Horregatik guztiagatik ez dugu ulertzen Aranzadi bezalako prestigiodun elkarte batek zein motibazio izan dezakeen erabat orkestratutako eszenografia honetan parte hartzeko.
Aranzadik, zoritxarrez, argi utzi zuen, bere ustean, abeltzaintza estentsiboak ez duela etorkizunik (2002an Eusko Legebiltzarrean aurreikuspen berdina egin zuen, eta zorionez, ez zuen asmatu) “Aralarren artzaintza desagertuko balitz ez litzateke deus ere gertatuko” bezalako adierazpenak eginez, eta honenbestez, Aralarko kudeaketa gaur egungo egoera kudeatzera mugatu beharko litzateke gaineratuz (artzain errolda, bordak, bideak, etb). Horrekin argi uzten du natur eremua kudeatzen duten abeltzainen etorkizun hobea ahalbidetzeko egin daitezkeen azpiegiturekiko duen kontrako jarrera.